Fernandezek iragarri duenez, Udalak udaltzainburua ez badu kaleratzen, PSE-EEk epaitegietara joko du: “Bilduren jarrera lotsagarria da. Udaltzainburua modu ilegalean izendatu zuten, eta orain bide beretik jarraitu gura dute”. Egoera hau konpontzeko asmoz, Udalari lehiaketa publiko bat antola dezala eskatu dio Fernandezek, “irregulartasun hau luzaroan mantendu beharrean”.
EH Bilduren Udal Gobernuak, ostera, hauteskundeakaz lotu du PSE-EEren oharra. Azaldu dutenez, udaltzainburuaren izendapena “behin-behinekoa” izan zen, Sopelako udaltzainek ez zituztelako postu hori betetzeko gutxieneko baldintzak betetzen. Hori dela eta, behin-behinean, udaltzainburu hori izendatzea erabaki zuten.
Udalak argitu duenez, iaz auzitegiaren epaiaren berri izan eta berehala, udaltzainburu berrirako hautaketa-prozesua antolatzen hasi ziren: “Deialdia Bizkaiko Agerkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 14an, eta datozen asteetan udaltzainburu berriaren izendapena gauzatuko da”. Horrenbestez, “gezurretan aritzea” leporatu diote PSEri, Udalak “epaitegiek eskatutakoa egin duelako”. EH Bilduk argitu duenez, “gure asmoa Udaltzaingoaren zerbitzu publikoa hobetzea izan da eta horretan jarraituko dugu, erresistentzia guztien gainetik”.