Proiektua La Suma Paisajistas estudioak egin du, Sopelako Udalaren aginduz, eta lanen aurrekontu osoa 105.000 eurokoa izango da. Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko diru-laguntza emango dio Udalari proiektua gauzatzeko.
Beren-beregi, proiektua Udalaren jabetza diren 193, 220 eta 221 partzeletan gauzatuko da. Guztira, 2,3 hektarea dituen lurzorua da, eta paisaia zein ingurumen aldetik balio handia du. Hori dela eta, Udalak inguru horretan jatorrian zegoen landaretza landatuko du: “Ingestan haizeak indar handia du eta kresalaren eragina nabarmena da. Horregatik, inguru honetako landaredia oso ahula da eta babestu beharra dago”. Europa osoan landaretza-mota horretako gune gutxi geratzen direla nabarmendu du Udalak.
Horrez gainera, landare inbaditzaileak (Pittosporum tobira eta Uribe Kostan oso ohikoa den panpa-landarea, edo Cortaderia selloana) desagerrarazteko neurriak hartuko dituzte, horrelako landare ugari dagoelako.
Apo lasterkariarentzat, babesa
Ingesta modu ekologikoan berreskuratzeaz gainera, Udalak inguru horren erabilera publikoa ere antolatu gura du. Gaur egun, bertatik GR-123 ibilbidea pasatzen da, baina ibiltari, txirrindulari eta motorren joan-etorriak ingurua kaltetu du, ez dagoelako zehaztuta bide argirik. Proiektuan inguruneagaz integratuta dagoen ibilbide bat egingo da, eta hala inguru osoa babestu gura dute. Etorkizunean eremu horretan eraikiko den skate-parkeak ere lotura izango du ibilbide horregaz.
Proiektuan ere babes berezia eskaini diote apo lasterkariari (Epidalea calamita). Azken urteotan Gorrondatxetik Barinatxera gerturatzen hasi denez, Ingesta ere prestatuko dute apoari harrera egiteko. Aranzadi Zientzia Elkartea da apo lasterkaria babesteko egitasmoaren arduraduna, Udalagaz batera, eta Ingesta espezie horren biziraupenerako oso garrantzitsua izan daitekeela iritzi diote. Hori dela eta, inguru horretan hainbat putzu sortzeko aukera aztertuko dute.