Abesbatzak izen handiko zuzendaria du: Irma Rutkauskaite-Egiluz, Sopelako auzokidea baina Lituaniako Musika Akademia Nazionalean abesbatzetako zuzendaritza-ikasketak egindakoa. Gaur egun, Rutkauskaitek Bizkaiko hainbat abesbatza zuzentzen ditu: Basauri Koral Elkartea, BBkantuz, Emitenia Abesbatza, eta abar. Gainera, Vocalia Taldean abesten du. Bere hurrengo erronka, Sopelako talde berri hau gidatzea izango da.
Astelehenetan ipini dute momentuz hitzordua, 19:00etatik 21:00etara Kurtzio kultur etxean. Edozeinek parte har dezake abesbatzan, baina lehenetsiko dituzte esperientzia edo belarri ona duten auzokideak: “sarbide-proba txiki bat pasa beharko dute”. Oraindino entsaioak barrura begira egin badituzte ere, ekainean Sopelako herriari aurkezpena egiteko asmoa dute.