Hamar urteko ibilbidearen ostean, Organik dantza talde getxoztarraren lan horretan mugimendua, musika originala, berbak eta umorea dira nagusi. Proiektu hori gauzatzeko El Pont Flotant konpainia valentziarraren eta Kepa Junkera musikari esanguratsuaren kolaborazioa izan du. Horrek, zalantza barik, “Txapelduna” lanari freskotasuna ematen dio eta Euskal Herriko sustraietan sakontzea ahalbidetzen du.
“Txapelduna" ikuskizuneko 50 minutuetan irabazle baten bizipenak ikusi ahal izango ditugu. Ez ditu bakarrik kontatzen arrakastagaz lotutako sentimenduak: bakardadea, presioa, beldurra eta ahultasuna ere kontuan hartzen du. Beraz, ironia handiko sentimenduak sentsibilitate handiko sentimenduekin nahasten dira.
Zer esan gura du txapeldun bat izateak? Zergatik irabazi gura dugu beti? Herri-kirolen mundua da testuingurua, eta batez ere bertako kirolik garrantzitsuena: euskal pilota. Ikuskizun horretan, beraz, irabazle edo txapeldunaren figuraren inguruko hausnarketa bultzatzen da: zergatik gura dugun beti irabazi, beti besteen gainetik egon.
Sortzaileak
Kontzeptua: Eneko Balerdi, Natalia Monge
Zuzendaritza artistikoa: Natalia Monge
Dramaturgia: El Pont Flotant
Antzezlea: Eneko Balerdi
Jatorrizko musika: Kepa Junkera
Bertsoa: Fredi Paia.