Udalak azaldu duenaren arabera, programa bakoitzak helburu ezberdinak ditu. Batetik, Surf udalekuek, berbarako, “gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea dute helburu, erakargarriak diren ekintzen bidez”. 13 eta 17 urte bitarteko gazteek eman ahal izango dute izena egitasmo horretan.
Bestetik, Musikaz Blai programan, 4 eta 12 urte bitarteko umeek kantua, mimika musikala, dantza eta antzerkia jorratzeko aukera izango dute. Summer Camp udalekuen asmoa, berriz, ingelesaren ezagutza indartzea izango da; kasu honetan, 12 eta 14 urte bitarteko gazteen artean. Azkenik, udaleku irekietan 4 eta 11 urte arteko umeek mota askotako jarduerak landuko dituzte, lau txandatan.
Udaleku bakoitzaren prezioa ume kopuruaren araberakoa izango da. Oinarrizko errenta jasotzen duten lagunek ere deskontua izango dute. Izen emateak Kurtzion, udaletxean eta Sopelarin bulegoan egin ahalko dira.