Azken urteetan, Sopelako kostaldera heldu da oso berezia den bizilagun berri bat: apo lasterkaria. Anfibio hori Gorrondatxetik Barinatxera mugitu da azken aldian, eta bere habitat berria egokitzeko asmoz, hitzarmena sinatu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Sopelako Udalak. Pasa den urtean, Aranzadiko teknikariak mugimendu horren arrazoiak aztertzen ibili ziren, eta orain habitat berriaren ingurua atontzen hasiko dira, apoa babesteko asmoz.
Kinka larrian
Gaur egun apo lasterkaria euskal kostaldeko leku bitan baino ez da bizi: Txingudiko badian eta Gorrondatxe eta Barinatxe hondartzen artean. Aranzandik nabarmendu duenez, “oso egoera larrian bizi da”, espezieak oso espazio gutxi duelako bizirauteko: “sasoi batean, eremu zabalago batzuetan bizi zen, baina murriztu egin dira. Beraz, beharrezkoa da eurentzako habitat egokiak sortzea”.