Zuzendariaren arabera, lanaren izenburuak ez dio argumentuari ezelako erreferentziarik egiten, «sortze eta zuzentze prozesuari eta metodologiari baizik». Hala, Mike Leigh-en Another year pelikularen izena hartu eta hura itzuli dute; «nik neure klaseetan, umeakaz ere, ikastaro amaierako funtzioa prestatzeko, Leigh-ek pelikuletan erabiltzen duen metodologia erabiltzen baitut, sorkuntza eta aktoreen zuzendaritza uztartuz, interpretaziorik onenak bilatzeko asmoz; naturalak, zintzoak eta benetakotasunez beteak, antzeztu gabekoak», Urrazaren berbetan. Sopelako tailerrean, aktoreen sormen aktiboa bultzatzen dute, «interpretazio-inprobisazio bidezko sorkuntza zaparrada hori guztia bideratzen noa, eta antzezlanaren egitura borobiltzen saiatzen naiz».
Ekainaren 5ean estreinatuko dute euskarazko antzezlana, Sopelan. Zuzendariaren arabera, aktoreek euskaraz «ederto» egiten dutenez, «euren hizketaldiak oso natural agertzen dira, benetako euskaran; eta ez produkzio askotan bezala, artifizialki itzulitako euskara aberats, garbi, baina bizitzarik gabekoan».