Txartela eskuratzen duten lagunek abantailak izango dituzte Kurtzion antolatzen diren kultur jardueretan. Garrantzitsuena honakoa izango da: urtean ordainpeko bost ikuskizun ikusteko aukera izango dute "kurtziolagunek", sarrerak ordaindu barik. Horrez gainera, gonbidapenak lortzeko lehentasuna izango dute gainontzeko ikuskizunetarako. Izan ere, azken hilabeteetan gero eta ohikoagoa da Kurtzioko areto nagusia leporaino beteta ikustea, eta gonbidapenak agortzea. Azkenik, txartela duten herritarrek zuzen-zuzenean izango dute Kurtzioko kultur agendaren berri, euren e-postan edo sakelako telefonoan.
Txartelaren prezioa hamar eurokoa izango da sopeloztarrentzat, eta 15 eurokoa, udalerrian erroldatuta ez dauden herritarrentzat. Oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek, ostera, txartela doan eskuratzeko aukera izango dute. Txartelaren iraupena urte osokoa izango da, luzatzeko aukeragaz. Lehenengo urtean, txartela ekainean abiatuko denez, "kurtziolagun" izatea %50 merkeagoa izango da.
Txartela eskuratzeko epea ekainaren 1ean zabalduko da, eta Kurtzion, udaletxean edo Sopelarin bulegoan (Larrabasterran) egin ahal izango da.