Hamar minutu baino gutxiagoko filmak onartuko dituzte, eta, Udalak jakinarazi duenez, ez da beharrezkoa profesionala izatea: edonork parte har dezake. Horregatik, Sopela Kosta Fest jaialdiak "kamera hartzera gonbidatzen ditu ikus-entzunezkoen zale guztiak".
Surfari eta naturari buruzkoak izan behar dute lanek, baina fikziozkoak zein dokumentalak izan daitezke. Filmak aurkezteko azken eguna abuztuaren 14a izango da, eta bide bi daude aurkezteko: posta elektronikoz bidali (kultura@sopela.eus) edo Kurtzio kultur etxean utzi.
Film irabazleak Sopela Kosta Fest jaialdian proiektatuko dituzte, irailaren 24an, eguenagaz, gaueko emanaldian. Gainera, 1.000 euro banatuko dituzte saritan. Lehiaketaren sari nagusia 500 eurokoa izango da, baina beste sari bi emango dituzte: bata, sopeloztarrek egindako filmik onenari (250 euro), eta bestea, genero-ikuspegitik aurkeztutako lanik onenari (250 euro).
Hala ere, sariak ez dituzte dirutan emango, bonuetan baino, herriko dendetan edo jatetxeetan gastatzeko. Saririk irabazten ez duten film laburrak, berriz, urriaren lehen aste akabuan ikus ahalko dira, emanaldi berezi batean, Kurtzioko kultur etxean.
"Surfaren unibertsoa sustatzeko" sortu zuten Sopela Kosta Fest. Horregatik, ekimen horregaz ere, "beste urrats bat eman nahi da jaialdiaren izaera parte-hartzailearen bidean". Horrela, filmak aurkezteko gonbidapena egin diete "surfa eta natura irudietan islatu nahi duten pertsona guztiei". Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orria eskura daude jaialdiaren webgunean.