Gildas uribekostar taldeak folk-pop-rock soinuak ekarriko ditu. Bere erritmoak, "ondo markatuak eta eramanak, kutsakor bihurtzen dira, betiere soinuaren instrumentazio bitxiarekin eta eszenaratze oso teatralarekin". Libe Garcia de Cortazarrek, berriz, Neubat taldean hasi zuen ibilbidea, eta bere abesti propioak landu ditu azken urteotan. Baskery Suediako bluegrass alternatiboko banda gazteak erritmo bizi-bizia ekarriko du, eta Tania de Sousak zuzeneko boteretsua eskainiko du.
Audience AEBko folk-rock artista handien zorduna da, tradizioekiko errespetuarekin baina abangoardiei konektaturik daude, eta Euskal Herriko banda interesgarrienen artean dago, sustraietako rockari dagokionez. The Uski’s taldeak proposamen freskoa eta berezia dakar, bizkaierazko abestiakaz. The Agapornisen erritmo gartsuak, berriz, hurbil daude egungo deep funketik, baina ez dituzte genero horretako klasikoak ahazten. Azkenik, Kiko Veneno musikari ezaguna izango da gurean. Flamenko, pop eta rocka modu berritzailean bateratu dituzten artista aitzindarietako bat da Veneno. Camaron de la Islarekin edo Veneno taldeagaz jo du. Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Egungo Musiken Sari Nazionala eman zion, "soinu mestizoak bultzatzeko egindako lanagatik".