Born to Learn egitasmoa 2011ko urtarrilean ipini zuten martxan Asier Urrutikoetxea galdakoztarrak eta Sam Peñalver madrildarrak. Tanzanian zeudela, bertako ume askok eskolara joateko aukerarik ez zeukatela konturatu zirenean. Urte batzuk daroatzate umeei heziketa ematen. Baina, "kontua da ikastetxe ofiziala izateko derrigorrezkoa dela eraikin propioa edukitzea", Urrutikoetxeak berak azaldu duenez. "Eraikinik ez daukatenez, gure ikasleak ezin dira Tanzaniako azterketara nazionaletara aurkeztu", gaineratu du Galdakaokoak.
Iaz ere egin zuten jaialdi solidarioa Sopelan. Izan ere, ikastetxe propioa altxatzeko asmoa ez da berria. Crowdfunding kanpaina martxan jarri, eta akre biko orube bat aurkitu zuten, 3.500 euroan. Denen artean, dirua batu eta lurrak erosi zituzten. Daborduko, ikastetxea eraikitzen dabiltza, baina Urrutikoetxeak aitortu duenez, "dirua edukita, berehala altxatuko genuke". Lanak ondo joatekotan, abenduan aldatu gura dituzte ikasleak eraikin berrira. Gaur egun, sukaldari bat, lau irakasle eta 70 neska-mutil dauzkate proiektuan, eta beste 40 ume, bertako eskola publiko eta pribatuetan, babesleen bitartez. Karibu izeneko ostatua ere badaukate bertan, Born to Learn finantzatzeko.
Egitaraua
11:00 Artisautza-azoka ireki.
12:00 Eriz magoa.
13:30 Music boxes antzezlana, Pompom antzerki-taldeagaz.
15:00 Paella-jana. Txartelak, 5 euroan.
16:30 Mus txapelketa. Izen- ematea: 5 euro bikoteko.
19:00 Perkusio afrikarra.
20:00 Katxarrismos taldearen kontzertua. Maneras de Vivir, La Polla eta bestelako rock-taldeen bertsioak egiten dituzte.
21:30 Jaimarto Dramas-en metal baladak.
22:30 Bingo solidarioa.
23:00 Capitan Groove taldearen kontzertua. Funky bertsioak egiten dituzte.
01:00 Oihanlariak! Egitasmo horren atzean daude Gorka Suaia eta KimoSoundz. Saio indartsua dakarte, Dub, reggae, dancehall edota raggajungle estiloez josita.
Bazkarirako txartelak: 619 216 177