Izatez hernaniarra izan arren, Sarasolak 20 urte zeroatzan bizitzen Uribe Kostan, Sopelan hasieran eta Urdulizen beranduago. Sarasola 1989an hasi zen ETBn, audientzia teknikari. Urte bi beranduago, komunikazio ardurak hartu zituen eta, 1995ean, ETBko programazio-zuzendari izendatu zuten. Hamar urteren ostean, Espainiara jo zuen, Antena3 katera, programazio-zuzendari izateko.
2011n, ostera, ETBra bueltatu zen, Alberto Surio orduko EITBko zuzendari nagusiaren ekimenez. Suriok eduki-zuzendari izendatu zuen. 2013an ETBko zuzendari ardura eman zion Maite Iturbe zuzendari nagusi berriak, baina iazko martxoan Sarasolak kargua utzi zuen, "arrazoi pertsonalak" zirela medio. Komunikabide publikoan egon zen urteetan ETB1 euskarazko katearen aldeko apustua egin zuen. Saio ugari estreinatu dituzte haren agintaritzapean azken urteotan.