"Enplegua sortzea, ekonomia sustatzea eta denontzako kalitatezko zerbitzuei eustea izan behar dira udal gobernu berriaren oinarrizko helburuak; baita krisialdiaren eragina gehien sufritzen dabiltzanei elkartasuna adieraztea ere", azaldu du PSE-EEko zinegotziak. Hala, gobernuko alderdi biak enplegua eta ekonomia sustapena oinarri bezala edukiko dituen aurrekontuak onartzera konprometitu direla adierazi du Fernandezek. Besteak beste, langabetuak trebatzeko eta laneratzeko plan bat garatuko dute Sopelan, enplegua zein enpresa-ekimena sustatzeko programakaz batera. Udal kudeaketan herritarren parte-hartzea eta gardentasuna hobetzeaz ere berba egin dute EAJk eta PSE-EEk. Hala, kontrataziorako mahai iraunkorra osatzea adostu dute; eta iragarri barik egindako esleipenak "beharrezkotasuna frogatutako kasuetan baino ez" dira erabiliko.
Jelkideek eta sozialistek hitzartu dituzten beste gaien artean daude: Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalera heltzeko errepideak egitea; etxebizitza politikak abian ipintzea, arreta berezia jarriz gazteentzako alokairuzko etxebizitzetan; Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorra (HAPO) idaztea; liburutegi eta mediateka izango den eraikin balioanitza eregitea; eta Osteikoko industrialdeari bultzada ematea, nagusiki surfagaz harremana daukaten enpresak jarriz. Horiez gainera, skate parke berria eraiki, Sopela Kosta Fest jaialdia nazioarte mailan zabaldu eta surfaren praktikari lotutako ostatua jarri gura dituzte.