Lehenengo atxiloketa 18:35ak aldera gertatu zen. Sopelbus zerbitzuko autobus bateko gidariak jakinarazi zuen ibilgailu batek autobusaren atzeko aldearen kontra jo eta alde egin zuela. Bertaratutako udaltzainek handik gertu lokalizatu zituzten ibilgailua, kolpeak eragindako kalteakaz, eta gidaria, "alkoholaren eraginpean zegoenaren zantzu nabariakaz". Bertsio berari jarraiki, bustitze-probak baimendutako alkohol-mailaren hirukoitza eman zuen. Ondoren, gidaria atxilotu zuten, Sopelako 66 urteko bizilaguna, bideko segurtasunaren kontrako ustezko delitua egotzita.
Bigarren atxiloketa 21:30ak aldera izan zen, egun berean. Loiola Ander Deuna kalea zeharkatzen duen zubi inguruan kirola praktikatzen zuen oinezko batek informatu zuenez, bikote batek eztabaida gogorra zeukan, zirkulazio erreian, zerabilten ibilgailuaren alboan. Udaltzainek egoera baieztatu eta alkoholemia-proba egin zioten gidariari, Sopelako 47 urteko bizilagunari; "berak ere hirukoiztu zuen baimendutako alkohol-maila", udal informazioaren arabera. Aurreko kasuan bezala, udaltzainek gidaria atxilotu zuten bideko segurtasunaren kontrako ustezko delituagatik, eta epaiketa azkarrerako data finkatu zuten.
Atxiloketa horiek kontuan hartuta, bost dira azken hamabost egunetan antzeko delituengatik Sopelan atzemandako pertsonak. Azken horietako bat ez-ohiko egoeran gertatu zen: gidariak ez zuen gainditzen baimendutako alkohol-maila, baina gidatzeko kontraindikatutako medikamentuen eragin garrantzitsua zeukan. Sopelako Udalak azpimarratu duenez, Polizien esku-hartze gehienak gidariek alkoholdun edari gehiegi edo drogak hartzeagatik gertatzen dira, "baina gidatzeko kontraindikatutako medikamentuek aipatu beste sustantzia bien antzeko eragina sortzen dute".