Abalone Dots musika taldeak ordezkatuko du Baskery Sopela Kosta Fest jaialdian

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 11a, 11:26

© ABALONE DOTS

Jakin badakizuenez, Sopela Kosta Fest jaialdia irailaren 23tik 27ra bitartean ospatuko da. Surfa, natura eta musika ardatz dauzka eta hamaika ekitaldi antolatu dira, askotarikoak. Horregatik, tarte zabala eskainiko zaio musikari eta kontzertuak izango dira asteburuko ekitaldi nagusietako bat, irailaren 25ean eta 26an. Barikurako, hain zuzen ere, Suediako Baskery taldearen kontzertua iragarri zuen Udalak, beste hiru taldeakaz batera. Baskery ezin etor daiteke Sopelara, baina Abalone Dots taldeak ordezkatuko du, hura ere suediarra.

Bestalde, gogoratzea aurten ere launa talde igoko dela oholtzara gau bakoitzeko; Suedia, Andaluzia eta Euskal Herriko musika taldeak elkartuko ditu Sopela Kosta Festek, estilo askotarikoak. Aipatzea, besteak beste, Gildas talde sopeloztarra edota The Uski’s (Euskal Herrian surf musika egiten duen talderik nabarmenetakoa). Gainera, Kiko Veneno musikari ezaguna entzuteko aukera ere egongo da. Udaletxeko plazan izango dira kontzertuak, 21:00etatik aurrera.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, ostera ere, Sopelan!

"Txo, MikMak txikia" ikuskizunagaz Sopelara itzuliko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, irailaren 23an. Ekitaldia Sopela Kosta Fest jaialdiaren baitan egingo da. Urko kiroldegian emanaldi bi egingo dituzte: 16:30ean eta 18:30ean. Sarrerak laster ipiniko dituzte salmentan, 5 euroan (irailaren 17ko HIRUKA aldizkariagaz hainbat zozkatuko ditugu, adi ibili!). Sopelan erroldatutakoek irailaren 14tik 18ra eros ditzakete; erroldatuta ez daudenek, berriz, irailaren 21etik 23ra. Sarrerok hemen eskuratu daitezke: Kurtzio kultur etxean, Sopelarin bulegoan (Larrabasterra), www.sopela.eus webgunearen bitartez eta udaletxean.

Ternuatik etorri den indio txikia da Txo MikMak, eta San Juan baleontzian munduari txiri-buelta emango dio, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak lagun dituela. Hala, bidaia horretan, Sopelara hurreratu eta geldialdia egingo dute gurean, Urko kiroldegian.

Ekitaldietan izen-ematea

Hilaren 18ra arte egongo da, besteak beste, hegaztien behaketan, bisita gidatuetan, surf ikastaroetan zein parapente-hegaldietan izena emateko aukera, kultura@sopela.eus e-posta helbidearen bitartez. 

Emakumeen surf-bilkura

Emakume surflariei ere parte hartzeko gonbitea luzatu zaie. Irailaren 25ean, barikua, teknika hobetzeko aholkuak jasoko dituzte, 17:30etik aurrera. Irailaren 18a da ikastaro horretan izena emateko azken eguna.

Helburu solidarioa

Jaialdiari amaiera emateko, faroltxo biodegradagarriak botako dira zerura Barinatxe hondartzatik. Faroltxoen txartelak 2 eurotan salgai egongo dira Sopelako Turismo Bulegoetan (egun berean ez dira salduko). Txartelaren truke faroltxoak banatuko dira hondartzan bertan. Salmentak badu elkartasun xedea: Aimar del Pozo umea laguntzea.

Aimarrek burmuin perlesia eta tetra-parexia du. Bere gaixotasunaren ondorioz, hanka eta besoen garapenean arazoak ditu, eta bere gorputzaren eskuineko aldean ere garapen arazoak ditu. Aimar hazten den heinean, bere giharrak txikiagotzen dira, hezurrak luzatzen dira eta desitxuratzen dira. Beraz, hazten den bitartean Aimarrek ebakuntzak behar ditu bere giharrak luzatzeko, hezurrekin batera hazi daitezen.

Gaur egun, Aimarrek 13 urte ditu, eta 18 urte bete arte hainbat ebakuntza beharko ditu. Ebakuntza bakoitzak 10.000 euroko kostua izan dezake. Beraz, faroltxoen salmentarekin lortutako dirua Aimarrek behar dituen ebakuntzen finantzaketan laguntzeko bideratuko dira (faroltxoak 2 euro baino gehiagoren truke eros daitezke).

Egitaraua

Irailak 23, eguaztena

16:30 / 18:30 Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Txo, MikMak txikia ikuskizuna, Urko kiroldegian. Sarrera: 5 euro. Sopelan erroldatuentzat, irailaren 18ra arte salgai; eta besteentzat, 21etik 23ra.

19:00 Domo geodesikoa eta bioeraikuntza-tailerra, udaletxeko plazan.

19:30 Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kalejira, Dunbots txarangagaz, Urkotik udaletxeko plazara.
Irailak 24, eguena

20:30 Surf-zinema, udaletxeko plazako karpan. Besteak beste, Basque Country Big Waves dokumentalaren estreinaldia.

Irailak 25, barikua

10:00 Surf-enpresen elkarlanerako topaketa (Angelu - Uribe Kosta), Kurtzio kultur etxean.

17:30 Emakume surflarientzako teknifikazio-tailerra, Arriatera hondartzan. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

19:30 Itsas-kantak kalez kale, Erroia tabernatik abiatuta.

21.00 Gildas, Libe, Abalone Dots eta Tania de Sousaren kontzertua, udaletxeko plazan.

Irailak 26, zapatua

08:00 Hegaztien behaketa, Atxibiribilgo aparkalekutik abiatuta. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

09:00 Euskal Herriko elkarteen arteko surf-lehiaketa, Arriatera hondartzan.

09:30 Bisita-gidatua itsaslabarretara, Larrabasterrako turismo-bulegotik abiatuta. Izen-ematea irailaren 25era arte.

10:00 Orientazio-proba, udaletxeko plazatik abiatuta. Izen-ematea: www.cobidea.com

10:00 Garai bateko furgoneten erakusketa, Arriaterako aldapan.

11:00 / 13:00 Surf-ikastaroak, Arriatera-Atxabiribil eta Barinatxe hondartzetan. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

11:00 Habiak egiteko tailerra, udaletxeko plazako domo geodesikoan.

11:30 Alaia (egurrezko taula txikiak) tailerra, Arriatera hondartzan.

12:00 Kometa-tailerra eta festa, Arriateran.

13:00 Parapente-hegaldiak, Barinatxe gainetik. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

15:30 Itsaslabarra eta itsaso arteko ibilbidea, Arriatera hondartzan. Izen-ematea irailaren 19ra arte.

18:30 Ricardo Somocurcioren arte erakusketa eta Peña Txuri Surf Taldearen argazkiak, Atxabiribil hondartzako sarreran.

18:30 Sustrai Beltzak Sound System, Atxabiribil hondartzako sarreran

19:30 Euskal Herriko surf-elkarteen arteko lehiaketaren sari-banaketa, Atxabiribil hondartzako sarreran.

21:00 Audience, The Uski’s, Kiko Veneno eta The Agapornis, kontzertuan, udaletxeko plazako karpan.

Irailak 27, domeka

08:00 Hegaztien behaketa, Urko kiroldegiko aparkalekutik. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

09:30 Bisita-gidatua itsaslabarretatik, Larrabasterrako turismo-bulegotik abiatuta. Izen-ematea irailaren 25era arte.

10:00 Tai ji ikastaroa eta erakusketa, Arriatera hondartzan.

11:00 Lehen sorospen, autosalbamendu eta itsaslasterren ezagutza-ikastaroa, Arriatera hondartzan. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

11:00 Bigarren eskuko azoka, udaletxeko plazako karpan.

11:00 / 13:00 Surf-ikastaroak, Arriatera-Atxabiribil eta Barinatxe hondartzetan. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

11:30 Hareazko eskulturen tailerra, Arriatera hondartzan. Parte-hartzaileek pala eta kuboa eroan behar dute.

13:00 Atun-errea, udaletxe-plazako karpan.

13:00 Parapente-hegaldiak, Barinatxe gainetik. Izen-ematea irailaren 18ra arte.

15:30 Itsaslabarra eta itsaso arteko ibilbidea, Arriatera hondartzan. Izen-ematea irailaren 19ra arte.

19:30 Fracking bertso-saioa. Bertsolariak: Fredi Paia, Ekaitz Larrazabal eta Jone Uria, udaletxeko plazan.

20:30 Barinatxe hondartzara kalejira, Gibelurdiñek musika-taldeagaz.

21:30 Desioak zerura ekitaldia, Barinatxen. Faroltxo biodegradagarriak botako dira zerura. Faroltxoen txartelak 2 euroan salgai daude, turismo-bulegoetan. Batutako dirua Aimar del Pozo ume-gaixoa laguntzeko izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun