Ikuskizunean aztertuko dute notek, soinuaren bibrazioek, gorputzari nola eragiten dioten. Eta, aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola dar-dar egiten duen, eta harengan zer arrasto uzten dituen. Horregatik, esan daiteke pieza hau kontzertu bat dela; Irazokiren kontzertu bat, baina gorputz dantzari bategaz. Beraz, "gorputza bera soinu-tresna bihurtzen da, soinua eta erritmoa sortuz, lurraren kontra kolpatuz, adibidez, edo bi gorputz atalen talkagaz", azaldu du Azkuek.
Eszenan hainbat tresna agertuko dira, hala nola, dunbala eta bateriaren plater bat, gitarra elektriko bat, anplifikadore bat, mikrofono bat, pedal batzuk eta askotariko tresna txikiak. Piezak aurrera egin ahala, bi artistek elkar eraginez jardungo dute, tresna horiei soinua ateratzeko.
Azkuek, gainera, dantza garaikidearen klixe, estereotipo eta ohiko formetatik ihes egin gura du, eta ahalik eta modu pertsonalenean mugitu, formak eta edukiak etengabeko elkarrizketan jardun dezaten. Dantzaren unibertsaltasunera hurbiltzea eta hura ospatzea da asmoa.