Irailaren 16an, alokairu zerbitzuko ordezkari batek salaketa jarri zuen bizikleta bat ostu zutelako Gatzarriñe kaleko postutik. Udaltzaingoaren arabera, tokiko bideo-kamerek grabatu zuten lapurreta, irailaren 15eko goizeko 04:50ean, udal arduradunek diotenez. Ustezko ebaslea identifikatu zuten eta beragaz harremanetan jarri ziren. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, akabuan, bizikleta polizia-egoitzara eraman zuen. Epaiketa azkarra egingo diote.
Argiztapen-kablea
Bestalde, irailaren 17an, 15:00ak aldera, Udaltzaingoak deia jaso zuen ustez argiztapenaren kablea lapurtu zutela informatuz. Udaltzainek tokian egiaztatu zutenez, zortzi kutxatilaren tapak altxatuta zeuden, farolekiko loturak moztuta eta, daborduko, ustezko ebasleek ehun metro tutu aterata ei zeukaten; tutuak berreskuratu zituen Udaltzaingoak. Polizia-iturrien arabera, ebasleek tokitik alde egin zuten eurak gerturatzen zebiltzala ohartzean.
"Azken urteotan, Sopelako hainbat tokitan lapurtu dute argiztapenaren kablea, argi-mozketak eraginez. Horregatik, Udalak alarma-sistemak ezarri ditu hainbat lekutan, Udaltzaingoari zainketa errazteko", azaldu dute agintari sopeloztarrek.