Kirola eta euskara festa egingo dute bihar Sopelan

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 8a, 18:59

Kanpaina jendaurrean aurkeztu zuten 2013ko irailean.

Euskara eta kirola gehiago lotzeko, hitzordua 
ipini dute bihar, barikuan, Aitxu! euskara-elkarteak, Sopelako Udalak, Mankomunitateak eta Serviociok.

Bariku honetan, hilak 9, kirola eta euskara uztartzeko ekimena egingo du Aitxu! euskara-elkarteak Sopelan. “Kirolean ere euskaraz!” goiburupean, body combat, sh bam, pilates, body balance eta body pump diziplinez gozatu ahal izango dute sopeloztarrek eta Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten beste herrietako bizilagunek.

Aipatutako kirol horiek euskaraz disfrutatzeaz gainera, hamaiketakoa ere izango da, eta Sopelako kiroldegian sartzeko egun osoko sarrerak banatuko dituzte antolatzaileek. Ekimenerako hitzordua Sopelako udaletxearen au­rreko plazan ipini dute, Sabino Arana kalean, txanda bitan. Lehenengo txanda goizeko 11:30etik 13:30era izango da, eta Sopelako Ander Deuna ikastolako eta Plentziako institutuko ikasleek parte hartu ahal izango dute bertan. 18:00etan txanda irekia izango da.

Euskara "ezpainetan"

Aitxu!-k deia egin die ikasleei eta beste herritarrei: barikuan “kiroldegitik kanpora atera gaitezen gogoz buruan zinta jantzita, oinetan kirol-zapatak, soinean elastikoa, eta euskara ezpainetan”. Izan ere, Aitxu!, Mankomunitatea, Sopelako Udala, eta kiroldegiaren zerbitzua esleituta duen Serviocio enpresa elkarlanean dabiltza, “kirol mundua ere euskalduntzeko ahaleginean”. Euren ustez, “zeregin horretan denok daukagu konpromisoa, ahal dugun guztietan euskara erabili, indartu eta bultzatzekoa”.

Gaur egun, kiroldegian bada euskarazko eskaintza zabala: “hainbat kirol-ekintza eta 14 monitore euskaldun, guztion eskura”, “Kirolean ere euskaraz!” kanpainako antolatzaileek akordura ekarri dutenez. Halere, kontziente dira kirol-ekipamenduen erabiltzaile denek ez dakitela bertan euskara erabil dezaketenik.

Ekimena euskara-elkarteak abiatu zuen 2013ko martxoan, Udalagaz eta Serviociogaz batera. Apirilean, kiroldegiko erabiltzaileen artean inkesta bat banatu zuten, jarduerak euskaraz jasotzeko aukeraz galdetzeko, eta emaitza oso argigarria izan zen: inkesta bete zutenen %80k eskolak euskaraz jasotzeko nahia agertu zuten. Ordutik aurrera, hainbat neurri hartu dute: beharginak euskalduntzeari ekin zioten; adingabeen ikastaro denak euskaraz eskaini dituzte, eta areto-jardueren %50 baino gehiago ere euskaraz eman dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun