Hala ere, abenduko saioaren data eta irakurgaia taldekideen artean adostuko dutela adierazi dute. Danele Sarriugarte izkiriatzaile elgoibartarrak gidatzen ditu ekitaldiak; berak liburua eta idazlea aurkeztu, eta, ondoren, bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu.
Irakurle-kluba alde batera utzita, barikuan, urriak 16, "Badator itsasoa" izenburuko poesia-errezitaldia eskainiko du Mertxe Martinez Bilbao poeta sopeloztarrak, 20:00etan, Kurtzion. Kultur etxetik adierazi dutenez, ekitaldia gaztelaniaz eta euskaraz izango da, eta sarrera, doakoa. Martinezek olerkiak eta argazkiak uztartuko ditu.
Bestalde, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoari (UKITX) dagokionez, hilaren 22an, Uxue Alberdi gonbidatuko dute "Euli-giro" (Susa, 2013) ipuin-liburuaz berba egiteko. Hitzordua 19:30ean ipini dute Algortako Aldai Patronatuan (Karitate kalea, 1). Hurrengo zitan, azaroaren 26an, Koldo Izagirreren berbaldia entzuteko aukera egongo da leku eta ordu berberetan; pasaitarrak "Lorea Gernika, andrazko bat" (Susa, 2015) nobela edukiko du berbagai.