Kadeteen lehian, berriz, Aimar Ibarloza markinarrak jantzi zuen sariaren 30. edizioko txapela, Josu Agirreamalloa garaitu ostean. Ikusleek frontoiaren hiru laurdena bete zuten.
Gazteen mailan, partidu gogorra jokatu zuten Iker Kamiruagak eta Kimetz Zapikok. Abantaila txikia hartu zuen hasieran Zapikok: 2-0, baina partidaren lehenengo zatian, Kamiruagak pilotagaz gozoago ibili zen, eta azkartxoago ateratzen zitzaion eskutik. Horri esker, 2-7 ipini zen markagailuan, aurretik.
Beheko jokoa
Partidan, aurrelari biek eman zuten joko gehiena lau t’erditik eta bosgarren koadrotik. Biak ala biak botera jokatzen hasi ziren, aire-jokaldi barik. Izan ere, hori zen Kamiruagaren estrategia: “pilota jaisten ahaleginduko naiz, eta ezkerrekoagaz zabaldu, Zapiko eroso egon ez dadin”, abisatu zuen aurretik sopeloztarrak. Halere, poliki-poliki dimoztarrak partidan kokatu zuen bere burua, eta ondo jokatu barik ere, Kamiruaga urduritu, eta akatsak egitera bultzatu zuen presaren presaz. Halako batean, Kamiruaga erori egin zen, eta min hartu zuen belaunean.
Kontuak hala, Zapikok partidari buelta eman zion: 16-11. Ondoren, Kamiruagak ondo erantzun zion, baina aldiro-aldiro errematatzea falta izan zitzaion. Arriskatzeari ekin zion, eta batzuetan, arerioari tantoa eman zion horrela. Ostera, 18na eta 19na berdintzea lortu zuten. Azkenik, baina, Zapikok egin zituen hiru tantoak (22-19), eta berak jantzi zuen txapela.