Bihar hasiko da Sopelako Musikaldia

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 5a, 17:39

Itxaso Gonzalezek eta Jose Luis Canalek jazz-ikuskizuna emango dute azaroaren 13an. © SOPELAKO UDALA

Musikaldia musika-zikloa abiatuko da barikuan, Sopelan. Hilaren 15era arte, bost ekitaldi izango dira Kurtzion; jazza eta abesbatzak entzun ahal izango dira.

Bariku honetan hasi eta hilaren 15era bitartean, Musikaldia udagoieneko zikloaz gozatu ahal izango da Sopelako Kurtzio kultur etxean. Antolatzaileek bost ekitaldi prestatu dituzte, hilaren 6, 7, 13, 14 eta 15erako. Zikloa Sopelako Lagun Artea abesbatzak zabalduko du. Herriko koruak 10 urte bete ditu aurten, hori dela-eta, abesbatzen topaketa gidatuko du bariku honetan, 19:30etik aurrera. Beste taldeak Okondoko Itzalde abesbatza eta Burgosko Valle de Mena araneko korua izango dira.

Sopeloztarren uzta

Lagun Arteakoez gainera, Sopelako ahots gehiago entzun ahal izango da musika-zikloan: azaroaren 13an, barikua, Itxaso & Jose Luis Canales bikotearen jazz-emanaldia izango da, 20:00etan. Itxaso Gonzalez sopeloztarra goi-mailako kantaria da. Adituen arabera, bere ahotsa jazzaren gaur egungo arloko erakargarrienetako bat da. Kantu klasikoan prestatu ostean, berehala hasi zen musika moderno eta inprobisatua lantzen. Jazzaren esparruan garatu zuen bere karrera, eta Ahots Modernoen Tekniketan jarraitu zuen prestatzen. 1989. urtean Bilboko Arriaga Antzokian egin zuen debuta, bakarlari moduan, Big Band Bilbaogaz. Harrezkero, hainbat sari irabazi, eta Euskal Herriko zein Estatuko musikaririk onenakaz abestu du. Oraingoan, Jose Luis Canal piano-jole interesgarri eta ezagunagaz jardungo du. Hilaren 14an Alberto Urretxok "Soinuaren Bidaia" diskoa aurkeztu, eta "Serenata de Polentzi" film laburra proiektatuko du. Hilaren 15ean, umeen txanda izango da: eurentzako musika-tailerra eta kontzertua prestatu ditu Euskadi Brass taldeak. Saio denetan, sarrera 3 euroan eskuratu ahal izango da. Halere, badago bost emanalditarako abonua, 9 euro balio duena.

Egitaraua

Azaroak 6, barikua. 19:30ean, 3 €

Abesbatzen topaketa: Lagun Artea (Sopela), Coral Valle de Mena (Burgos) eta Itzalde (Okondo).

Azaroak 7, zapatua. 20:00etan, 3 €

Musika klasikoa, Franck & Encores, Estefan Madru (biolina - BOS) eta Arrate Monasterio (pianoa).

Azaroak 13, barikua. 20:00etan, 3 €

Jazz gaua: Itxaso & Jose Luis Canal: "Conversations". Ahotsa eta piano emanaldia.

Azaroak 14, zapatua. 20:00etan, 3 €

Alberto Urretxoren musika klasikoa eta film laburra: "Soinuaren bidaia" eta "Serenata de Polentzi"

Azaroak 15, domeka. 10:00etan (tailerra) eta 11:30ean (kontzertua), 3 €

Umeentzako musika tailerra eta kontzertua (3 – 9 urte) eta Euskadi Brass: "Denboraren makina" eta "Oihanetik txangoa"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun