Abenduaren 2an, eguaztenean, Kirolean euskaraz ekitaldi-omenaldia egingo dute Zipiriñe eskolan. Urteotan egindako ahalegina aitortzeko asmoz, Kirolean Euskaraz egitasmoan parte hartu duten elkarte, futbol-klub, entrenatzaile zein umeei sariak emango dizkiete. Bertan izango dira Koikili Lertxundi eta Athleticeko jokalari batzuk. Gainera, hainbat kirol-jarduera parte-hartzaile egingo dira.
Egun horretan ere, Ines Osinaga musikariak bisitatuko du Sopela, eta kontzertu didaktikoa eskainiko die ikasleei; beragaz hitzordua kultur etxean izango da, 11:00etan.
Abenduaren 3an, eguena, Geltokia ikuskizuna taularatuko du Aukeran dantza-taldeak, hori ere kultur etxean. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen da taldea. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 6 euroan eros daitezke.
Abenduaren 5ean, zapatua, Kontu eta kantu ikuskizuna eskainiko du Fernando Anbustegik. Kontuak eta kantuak uztartzen dituen ikuskizuna da; ipuin eta bertso berriak eskaintzen ditu, garai berriei egokituak. Kurtzio kultur etxean izango da, 18:00etatik aurrera, doan.