Gertakariak iragan azaroaren 17an izan ziren, arrastiko zortziak inguruan, polizia-iturriek diotenez. Zerbitzu-orduetatik kanpo zegoen ertzain batek Getxoko ertzain-etxeko kideei jakinarazi omen zien Sopelako Zabalbide kalean plastikorako kontainer bat sutan zegoela. Sutea eragindakoa izan zitekeela ikusita, ikerketa abiarazi zuen Ertzaintzak, egilea aurkitu, identifikatu eta atxilotzeko. Ondorioz, 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo (eguaztena) goizean, lehen orduan, Getxon; Sopelako biztanlea da eta kalte-delitu bat egitea egotzi diote, ustez hark su eman ziolako kontainerrari.
"Atxiloketari bide eman dion ikerketan, oso garrantzitsua izan da udalerriko Udaltzaingoaren lankidetza zein herritarren laguntza ere, ikertzaileen lana erraztu baitute", nabarmendu dute Segurtasun Saileko arduradunek. Atxilotuak delitu berak egiteagatik aurrekariak ditu. Uneotan Ertzaintzaren bulegoetan da, agintaritza judizialaren aurrean noiz aurkeztuko zain. Bien bitartean, ertzainek ikerketakaz jarraitzen dute, pertsona horrek Sopelako udalerrian izandako beste gertakari batzuetan ere parte hartu duen egiaztatzeko.