Florentino Badiola, Aiora Sedano eta Aitor Fernandino aktoreak bestelako antzerki taldeetan ibili dira; orain, talde berria sortzea erabaki dute. Beraz, zapatukoa, euskarazko antzerki talde berri baten estreinaldia izango da. Aipatu beharra dago ZUbi egitasmoaren hirugarren deialdira ere aurkeztu egin zela Anodino Teatro, "Zerura eroria" lanagaz.
Aipatutako ekimena osatzen duten zortzi kideek, ostera, euren babesa Miren Tirapu aktore nafarrak aurkeztutako "Atte hil aurretik" sorkuntza-lanari ematea erabaki zuten. Denera, sei proiektu aurkeztu ziren Kultur Leioak, Durangoko San Agustin Kultur Guneak, Baxe Nafarroako Herri Antzokiak, Zumaiako Aita Mari Antzokiak, Elorrioko Arriola Antzokiak, Zornotza Aretoak, Hamekak eta Artedramak bultzatutako deialdira. Gainera, horrek ez du esan gura Kultur Leioako taula gainera igotzeko aukera edukiko ez duenik Anodinok: "Zerura eroria" otsailaren 25ean egongo da ikusgai areto leioaztarrean, kultur arduradun leioaztarrek Artedrama plataforma artistikoagaz batera antolatzen duten Kultur Maratila jaialdian.
Sinopsia
Bizitzaldi ezgauza bezain zozo baten ostean, Armandok zeruan atseden hartu besterik ez zuen gura. Baina, kapitalismoaren atzaparkadak eta krisi ekonomikoa zeruraino iritsi dira, eta ez zuen espero bere produktibitate eskasak atseden hartzea galaraziko zionik. Orain lurrera itzuli beharko du, bizitzan egin ez zuena egiteko. Bidean aurkituko du umeren bat edukitzeke, sekula landatu ez duen zuhaitzen bat eta libururik idazteke. Komedia zerutiar honi amaiera zoriontsua bilatzen lagundu diezaioke, agian, aspaldiko Beatriz maiteak.
Anodino Teatroa
Mikel Fernandinok idatzitako obra labur bat aurkeztu zuen taldeak Pabellon 6 guneko Antzerki Laburren II. Jardunaldietan, 2014ko ekainean. Zeru kapitalistaren kapritxoak jasan behar dituen hilotz gizajo bati buruzko dibertimendu burugabea izan zen "Dios ©" obra.
Pieza labur horrek oso harrera ona izan zuenez, muntaia luzeago eta landuagoa egitera animatu ziren, umore beltz, absurdo eta histrionikoan murgiltzeko asmoz. Barre egitea, algaraka. Beste barik, eta horrek dakarren denagaz, hortik sortu zen Anodino Teatroa, 2015eko maiatzean. "Zerura eroria" da bere lehen lana.