Kurtzioko arduradunek adierazi dutenez, Organik taldea abendutik dabil ikuskizunaren bertsio berria prestatzen kultur etxe sopeloztarrean.
Euskal tradiziozko irrintzia abiapuntutzat hartuta, dantza-garaikideko ikuskizuna sortu du Natalia Monje zuzendari daukan taldeak. Adinaren ondorioz, mugitzeko zailtasunak dauzkaten andre zahar bi dira protagonistak; oraindik ere ospakizunetan euren lekua badaukatela-eta, irrintzia entzun bezain laster erabat gaztetuta agertuko dira adineko andre horiek, denboran atzera eginez.
Organikek mugimendua erabiltzen du komunikatzeko, interesatzen zaion hartaz berba egiteko. Proiektu bakoitzerako jatorrizko musika erabiltzen du. Bere oinarria mugimendu fisikoa da, kementsua, asmoz eta emozioz betea.