Ezker Abertzaleak martxan jarritako Abian prozesuaren barruan, zapatu honetan, otsailak 20, euskal preso politikoak dauden Espainia eta Portugalgo espetxe denetara martxak egingo dira aldi berean. Frantziako Estatuan, ostera, Rennes-eko (Bretainia) kartzelara joango dira; Lorentxa Guimon preso politiko gaixoa dagoen espetxera joateko planteamendua dago. "Autobuserako txartelaren prezioa badakigu. Kartzela batera edo bestera joanda prezio berdina jarri da: 10 euro. Kontuan izan behar da Burgosera, Aranjuezera edo Algecirasera joateak kostu ekonomiko ezberdina duela, baina Euskal Herri mailan prezio berdina jartzea adostu da", azaldu dute. Gaineratu dutenez, "badakigu bizi dugun egoera ekonomikoa samurra ez dela, hala ere martxetara joan nahi duten guztiok joateko aukera izatea da gure helburua". Gauzak horrela, 10€ Bonoa atera dute martxan, osasun arazoengatik, adinagatik edo edozein arazo dela medio, kartzeletara joaterik ez daukan baina laguntza emateko prest dagoenari aukera emateko.