Castello, Estremera eta Aranjuezeko kartzeletara joango dira zapatuan uribekostarrak

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 17a, 13:19

2012ko uztailaren 14an, Sopelako Herrirak "Euskal presoen eskubideen alde" lelopeko manifestazioa egin zuen Larrabasterran, bertako jaietan.

Zapatu honetan, otsailak 20, espetxeetara egingo diren martxen barruan, autobus bat Getxo eta Berangotik Castellora abiatuko da; 02:00etan aterako da Algortako Telletxe plazatik. Castello I kartzelan daukate Orkatz Gallastegi Sodupe berangoztarra; eta Castello II-Albocasser-en Alvaro Arri Pascual "Muni" algortarra eta Patxi Markes Zelaia berangoztarra. Leioako musika-eskolatik autobusa 05:00etan aterako da Estremerara (Madril) bidean, leioaztarrak eta erandioztarrak eramateko. Bertan ez dago eskualdeko presorik. Azkenik, Gorliz, Sopela, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Barrikako herritarrei Aranjuezeko (Madril) espetxera joatea egokitu zaie; Olga Sanz Martin, Txabi Moreno Ramajo eta bien seme Oier dago kartzela horretan. Gorlizeko udaletxetik aterako da autobusa 05:00etan, herri bakoitzean jendea batuz. Ohiko tokietan izena eman daiteke.

Ezker Abertzaleak martxan jarritako Abian prozesuaren barruan, zapatu honetan, otsailak 20, euskal preso politikoak dauden Espainia eta Portugalgo espetxe denetara martxak egingo dira aldi berean. Frantziako Estatuan, ostera, Rennes-eko (Bretainia) kartzelara joango dira; Lorentxa Guimon preso politiko gaixoa dagoen espetxera joateko planteamendua dago. "Autobuserako txartelaren prezioa badakigu. Kartzela batera edo bestera joanda prezio berdina jarri da: 10 euro. Kontuan izan behar da Burgosera, Aranjuezera edo Algecirasera joateak kostu ekonomiko ezberdina duela, baina Euskal Herri mailan prezio berdina jartzea adostu da", azaldu dute. Gaineratu dutenez, "badakigu bizi dugun egoera ekonomikoa samurra ez dela, hala ere martxetara joan nahi duten guztiok joateko aukera izatea da gure helburua". Gauzak horrela, 10€ Bonoa atera dute martxan, osasun arazoengatik, adinagatik edo edozein arazo dela medio, kartzeletara joaterik ez daukan baina laguntza emateko prest dagoenari aukera emateko.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun