Irteera, helmuga eta boxak, Sopelako udaletxearen ondoan egongo dira, Antonio Aretxabaleta plazan. Proba 16:15ean hasiko dute, emakumezkoen lasterketagaz. Handik ordu laurdenera irtengo dira gizonezkoak. Emakumeek zein gizonek 5,2 kilometro egin beharko dituzte korrikan, 19,2 bizikletaz, eta, amaitzeko, helmugako marrara heldu aurretik, azken 2,5 kilometroko lasterketari oinez aurre egin beharko diote.
Zirkuituaren ezaugarriak
Oinezko saio bien ibilbide osoa herriko kaleetatik igaroko da. Lehenengo atalean, parte-hartzaileek itzuli bi eman beharko dizkiote zirkuituari, eta bigarrenean, helmugara iritsi baino lehenago, beste itzuli bat eman beharko diote ibilbide berari.
Bizikleta-saioan, Uribe Kostako zenbait herritatik pasatuko dira txirrindulariak: Sopelatik irten, eta Barrika, Plentzia eta Urduliz zeharkatu ostean, Sopelara itzuliko dira.