Batetik, Sopelako Komunikazio Kabinete zerbitzuaz arduratu da HIRUKA, eta kontratua indarrean izan du une oro: 2015eko irailetik azarora 3 hileko kontratuagaz, eta ordutik urtarril bitartera hilez hil sinatutako kontratuakaz. Lehenago, HIRUKAren aurrerakari zen UK aldizkariari lehiaketaz egokitu zitzaion bitan (bakoitza 2 urteko iraupenagaz denera) Sopelako Komunikazio Kabinetearen zerbitzua ematea; azken kontratazioa 2015eko uztailean amaitu zen. Horregatik, UK-k beste eragile batzuekaz, 2015eko urtarrilean HIRUKA abiatu zuenez, Sopelako Udalak hala eskatuta, lehiaketa berriaren deialdia egin bitartean, HIRUKAk bere gain hartu zuen zerbitzuaren ardura, irailetik urtarrilera.
Bestetik, Komunikazio Kabineteaz aparte, Sopelako Udalak beste enpresa bategaz zuen kontratatuta udal webgunearen kudeaketa; horrekiko egoerak ez du geugaz zerikusirik. HIRUKAk edukiak ekoizteko eta hedatzeko ardura zuen, eta alde horretatik, bai webgunea eta baita youtube kanala ere informazio-edukiz hornituta eta jardunean egon dira urtarrilera arte. Sopela TBera (webgunean) bideoen lotura egitea eta webguneko beste arlo batzuk eguneratzea ez da egon gure esku.
Azkenik, HIRUKAk ez du bere burua aurkeztu Sopelako Udalaren Komunikazio Kabinete Zerbitzua eskaintzeko lehiaketara, ez dituelako betetzen ezarritako baldintza berrietako batzuk (4 urteko antzinatasuna eta 100.000 euroko negozio-fakturazioa gutxienez).
Hala, Sopelako Komunikazio Kabinete zerbitzua eskaini dugun tarte osoan, kontratupean, horretan zehaztutakoari jarraituz, unean uneko gobernu-taldearen eskaeren esanetara eta profesionaltasunez jardun dugu.
Inoren lana eta jarduna ezbaian ipini aurretik, edo okerrago, salatu baino lehenago, adierazitakoa egiaztatzea eginbeharra da. Edonork HIRUKAk baieztatutakoak egia diren frogatu gura izanez gero, hurbil dadila gurera, kontuak zuzen, argi, eta zehatz dauzkagulako.