Sekeko gaztetxea itxiko dute gazte-asanblada indartzeko

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 24a, 17:55
Sekeko gaztetxea. © GAZTE ASANBLADA SOPELOZTARRA

Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) Sekeko gaztetxearen ateak ixtea erabaki du, hainbat asanblada eta hausnarketaren ondoren. Kolektiboak zabaldu duenez, errota zaharrak hasieratik behar asko eskatu du. Hasieran, “gogoz berpiztu” zuten, baina urteak aurrera joan ahala, espazio horrek “gehiegizko lan eskerga suposatu du bertan militatzen duten kideentzat, gehiegizko indarra bideratu baita eraikina bera mantentze- eta gobernatze-beharretan, bestelako lanketetarako energia agortuz”.

Gainera, GASen iritziz Sekeko “txikiegia” da Sopelako herriarentzat. Horregatik, “gaztetxea tresna bat dela ulertuz”, Sekeko alboratu, eta indarrak “lan sozial, kultural eta politikoa egitera” bideratu gura dituzte, “inertzietatik askatuz, aisialdia eta herri-mugimendua astintzera”, GAS “bizi-bizirik” jarraitzen baitu.

Sekeko behin betiko itxi aurretik, gaztetxean diren materialak bueltatuko dituzte. Horregatik, bertan zerbait daukan jende orori harremanetan jartzeko eskatu diote. Erreklamatuko ez dena beste gaztetxe edo kolektiboren bati emango diote. Bestalde, martxoaren 12an eta 13an, zapatu eta domeka, bideo bat grabatuko dute Sekekoko historia gordetzeko. Bertaratzeko eskatu diete gaztetxean esku hartzeren bat, txikiena bada ere, izan dutenei.

Gazte Asanblada Sopeloztarraren komunikatua

Ohar garrantzitsua!

Iepa, lagunok. Hainbat asanblada eta hausnarketaren ondoren, Gazte Asanblada Sopeloztarrak Sekeko gaztetxearen ateak ixteko erabaki hartu du. Eraikina bera, hasieratik behar asko eskatu duena, gogoz berpiztu zen baina urteak aurrera joan ahala espazio horrek, Sopelako herriarentzat nahiko ez denak (txikiegia izategatik eta dauzkan baldintzengatik), gehiegizko lan eskerga suposatu du bertan militatzen duten kideentzat, gehiegizko indarra bideratu baita eraikina bera mantentze- eta gobernatze-beharretan eta bestelako lanketetarako energia agortuz. Egungo testuinguruan, arazo tekniko asko tarteko, eta gaztetxea tresna bat dela ulertuz, beste hainbat gauza lantzeko eta egiteko, ez dugu ikusten herrian gaztetxea hauspotzeko adina gogo dagoenik eta gure indarrak bideratu gura ditugu lan sozial, kultural eta politikoa egitera, inertzietatik askatuz, aisialdia eta herri mugimendua astintzera.

1) Berton, hainbat jendek gaztetxeari emandako materialak daude. Zuok berton dagoen zeozeren jabe bazarete eta berreskuratu gura baduzue, ipini kontaktuan gugaz posta elektronikoz, mesedez. Epe laburrean material guztiak beste kolektibo edo gaztetxeetara bideratuko ditugu eta.

2) Bideo bat grabatuko dugu, Sekekori buruz, memoria eta omenalditxo modura. Sekeko bertatik pasatu den jendea da: bakoitzak jarri duen apurra (jaialdi batera joan, tailer batzuetan parte hartu, domeketan afaldu, auzolan batera joan, zeozer proposatu…). Bertotik pasa zaretenn guztiok gonbidatuta zaudete martxoaren 12an eta 13an grabatuko dugun bideoan parte hartzera.(Goiz eta arrastiz egongo gara grabaketatan, baina pertsona bakoitzaren aportea pare bat minutukoa izengo da, azkarra. Halanda ere, ahal duzuenok konfirmatu zein egun eta ordu inguruan etorteko asmoa duzuen, antolatzeko, itxaroten ez egoteko, eta abar. (Printzipioz, gaztetxean bertan grabatuko da). Benetan, asko eskertuko da zure presentzia!! Historia sortzeko eta birsortzeko memoria gordetzea beharrezkoa da eta.

3) Gazte Asanblada Sopeloztarrak ordea bizi-bizirik jarraituko du eta ondo etorriak zarete danok. Mugi ez arren, errota mugitzeko herria!

Eskerrik asko amets hau errealitate bihurtu duzuen denoei, kaleetan ikusiko dugu elkar!!

Osasuna, asanblada eta autogestioa!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun