Kurtzio kultur etxean dozenaka txirrindularitzazale batu ziren eguenean, Ugeraga kirol-elkarteko emakumeen UCI talde profesionala ezagutzeko. Iaz ez bezala, lehiatu aurretik egin dute aurten aurkezpen soziala, taldearen zortzigarren denboraldian.
Zalantza barik, Italiako Giroan parte hartuko duten albistea izan zen txalotuena; egitarauan, hala ere, laranjadunek badute lehen mailako hainbat proba. Herbehereetako Ronde van Drenthe lasterketagaz hasiko dira Lointekekoak, lehen unetik World Tour zirkuituan lehiatzeko. Horrez gainera, Espainiako Kopa eta Txapeldun Saria irabaztea helburuen artean dute. Halaber, nazioartean hainbat klasikatan eta buelta txikitan parte hartuko dute, ohi den legez.
Emilio Ramos Ugeragako presidenteak aurtengo aldaketak azaldu zituen: “aurten talde gazteagoa dugu, baina ez horregatik ahulagoa. Urtero-urtero, Espainiako Kopan eta Euskaldun sarirako maila dugu, eta apurka-apurka, indartsuago bilakatzen gabiltza nazioarteko probetan. Adibiderik onena Sheyla Gutierrezen iazko garaipena izan zen, edo Eider Merinok Frantzain lortutako podiuma. Giroa bezalako lasterketa batera gonbidatzeak esan gura du ondo gabiltzala lanean”. Ramosek Emakumeen Birako antolatzaileei eskertu zien urteetan egindako ahalegina, asteotan kartelaren afera baino askoz garrantzitsuagoa izan delakoan. Bestalde, Dori Ruano izango da berriro ere Lointekeko teknikaria.
Lasterkariei dagokienez, Eider Merino bizkaitarra izan zen aurkezpeneko protagonista, Gutierrezen hutsunea beteko duelako. Iaz, garaipen bi eta titulu bat lortu zituen Merinok. Beste taldekideak honakoak dira: Mar Bonnin, Maria Calderon, Empar Felix, Chloe Fraser, Rocio Garcia, Alicia Gonzalez, Lucia Gonzalez, Elisabet Llabres, Belen Lopez, Cristina Martinez, Teresa Ripoll, Anna Ramirez, Gloria Rodriguez, Alba Teruel eta Aurore Verhoeven. Sopelako Udalak eta Lointekek euren laguntza berretsi zieten.