Hainbat lagun ikertzea agindu dute, Urdulizko Udalarena den sorgailua lapurtzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 26a, 13:22

Sopelako Udaltzaingoak gelditu zituen ustezko lapurrak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaltzaingoak ustez Urdulizko Udalarena den 3.300 euroan baloratutako Honda markako sorgailua zeraman furgoneta geldiarazi zuen eguaztenean, otsailak 24, ohiko trafiko-kontrol bat egiten zebiltzanean. Hala, atestatua Getxoko Guardia Epaitegira igorri da; bertan, autoan zihoazen bidaiariak ikertu gisa ageri dira, lapurreta-delitua egotzita.

Eguerdiko 13:25ak aldera, Sopelako udaltzaingoek zenbait bidaiari zeramatzan ibilgailu bat gelditu zuten Urgitxietako biribilgunean, Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren barruan dagoen kontrol bat egiten zebiltzan bitartean. Udal iturriek diotenez, horietako bat kokoriko eserita zegoen; desmuntatzen zen atzealdeko jesarleku bat kenduta zeukan.

Pertsona horren azpian, erdi-ezkutatuta, sorgailu bat aurkitu ei zuten. Erreminta honen eta zaku batean zeuzkaten bestelako tresnei buruz galdetuta, ez zuten hauen jatorriari buruzko erantzunik eman ahal izan, polizia iturriek gaineratu dutenez. Ondorioz, badaezpada, material denagaz geratu ziren udaltzainak, lapurreta kasu bat izan zitekeelakoan.

Erreminta horien jatorria aztertu ostean, sorgailua Urdulizko Udalaren kamioi batetik ostu zutela argitu zen. Kamioia udaletxe inguruan aparkatuta zegoen bitartean lapurtu omen zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun