Inskripzioa egiteko epemuga egueneko 22:00etan izango da. Horretarako, honako tokietara jo ahal izango da: Kurtzio kultur etxea (18:00etatik 20:00etara), Algortako Torrene kaleko Kantxa Kirol Moda eta Bilboko Euskalduna kaleko Deportes Bikila dendak eta Munarri taldearen webguneko formularioa. Iaz bezala, bilduko den diru den-dena Stop Sanfilippo fundazioarentzat izango da. Dirua irabazteko asmorik gabeko erakunde horrek izen bera duen gaixotasun arraroa ikertu eta gaixoak artatzeko tratamenduak bultzatzen ditu.
Proba goizeko 10:30ean abiatuko da, Sopelako udaletxeko plazan. Ordu horretan, parte-hartzaile txikienek, 2008an eta handik aurrera jaiotako neska-mutilek, ekingo diote 400 metroko lasterketari. Handik aurrera, hamar minutuan behin irtengo dira hurrengo kategoriak: umetxoak (2006an eta 2007an jaiotakoak), umeak (2004-2005) eta gaztetxoak (2002-2003), hurrenez hurren 800, 1.200 eta 1.500 metro egiteko. Goizeko 11:10ean, txanda helduko zaie 1999 eta 2001 artean sortutako kadeteei eta gazteei. Horiek hiru kilometro egin beharko dituzte. Ordutik aurrera, 11:30ean, helduek egin beharko diote aurre 7.700 metroko ibilbideari. Maila guztietan, lehenengo hiru sailkatuek garaikur bana jasoko dute. Kategoriaren batean jende gutxik izena emango balu, antolatzaileek aurreko mailakoekin batuko lituzkete korrikalariak, Munarri atletismo-taldeak zabaldu duenez.