Sopelako EH Bilduk batzar-irekia egin zuen martxoaren 9an Kurtzion; zinegotziek hiru gairen inguruan berba egin zuten: aurrekontuak, Jauregizar plaza eraberritzeko egitasmoa eta Urdulizko ospitalearen gainean EH Bilduk daukan jarrera.
Aurrekontuen gaian, EH Bilduk aurkeztutako emendakin osoaren nondik norakoak azaldu zituzten: "parte-hartze eza udal aurrekontuetan, negoziazio falta, egitasmo estrategikoen gabezia…". Ondoren, urtarrileko osoko bilkuran gertatutakoa azaldu zuten; ezkerzaleen berbetan, "EAJ-PSEren aurrekontuak aurrera atera ziren Denok Bateraren babesagaz. EH Bildu eta Sopela Orain kontra agertu ziren".
Baina, otsailean gertatutakoari eman dio "garrantzi" gehiago Sopelako EH Bilduk. Koalizioak azaldu duenez, "Udal Gobernuak 2015ean paralizatutako egitasmoak sartu zituen aurrekontuetan, inkorporazioen bitartez. Aurreko Ogasun Batzordeetan ez da gaia aipatu ere egin, nahiz eta EH Bilduk horren inguruan galdetu. Gure ustez, kalean zein batzordeetan egindako presioaren bitartez lortu dugu proiektu horiek aurrekontuetan sartzea (skate-parka, bidegorria, aterpea…). Hala ere, hadi egon behar dugu: aurrekontuetan jasotzen diren partidak gauzatuko dira errealitatean?, zelan gauzatuko dira?. Egitasmo horiek kontrolatuko ditugu. Hemendik aurrera: Udal Gobernuari jarraipena eman, presioa egin, egitasmo horiek aurrera eraman ditzan. Horrez gain, proposamen zehatzak aurkeztu, kalean, batzordeetan eta Udalbatzan… eta sopeloztarrekin kontaktu zuzena izaten jarraituko dugu".
Jauregizar plaza
Ildo horretan garatu dute hurrengo proposamena; EH Bilduk Jauregizar plaza berritzeko proposamena aurkeztu du. Diotenez, prozesu parte-hartzaileetan jasotako ekarpenak hartu dituzte oinarri. Hala, honako neurriak proposatu dituzte: plaza elizatik euskaltegira zabaldu, mugak ezabatu, Etxebarri kalearen zati bat oinezkoentzat egin, Akilino Arriola kalea oinezkoentzat egiteko proiektuagaz lotu, eta irisgarritasuna bermatzeko arrapalak ipini. Jolasgune estali bat egitea ere aurreikusi dute, besteak beste. Zabalik dagoen proposamena da, eta Udalera eroango dute aurrekontuetan jasota lotu dadin.
Azkenik, Urdulizko ospitalearen afera aztertu zen batzarrean. Sopelako EH Bilduk bere babesa eskaini dio Uribe Ospitalea Plataformari. Horrez gainera, bere jarrera berretsi zuen ospitaleak Sopelari sortaraziko dizkion "arazoen" aurrean. Herritarren parte-hartzea, herri-galdeketa bat ospitalerako sarbideen inguruan... dira ezkertiarrek proposatzen dituzten ekimenak. "Helburua da 2.500 kotxe gehiagok ez dezatela gure herria zeharkatu", aipatu dutenez.
Ondorioak
"Udal Gobernua konbentzitu behar dugu Sopelarako estrategikoak izan daitezkeen egitasmoak aurrera atera ditzan. EH Bilduk proposatutako egitasmoak bere prozesu parte-hartzaileetatik eratorri dira (konpromisoen karta, aurrekontu parte-hartzaileetan egindako auzo bilerak…). Gure helburua, EH Bilduren irizpideak udal aurrekontuaren aplikazioan gauza daitezen. Baina, presioa sartu ez ezik, Sopela eraikitzera ere bagoaz. Oso garrantzitsua da proiektuak aurkeztea, EH Bilduren irizpideen arabera… herriari aurkeztu, eragile sozialei eta azkenik, udalari berari (batzorde eta plenoen bitartez)", amaitu du koalizioak.