Plataformaren botikak, Sopelan onartuta

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 13a, 16:49

Urdulizko ospitalea.

Alfredo Espinosa os­pitalea za­baltzeko hilabete bi falta direnean, Sopelako Udalbatzak ontzat eman du Urdulizko Ospitalea Plataformak egin duen diagnostikoa, eta kolektibo horrek proposatutako sendagaiak errezetatu ditu. Alderdi batek ere ez zion martxoko bileran kontra egin plataformaren testuari; EH Bilduk, Danok Batera-k eta Sopela Orain-ek aurkeztu zuten testua.

Aurkezleek oniritzia eman zioten, eta Udal Gobernuko kideek, abstentzioa. Udal idazkariak bakarrik ipini zituen artikulu batzuk koarentenan, testuaren literaltasunak balizko herri-kontsulta bat oztopa dezakeelakoan, edo alkateak Urdulizen aurkako helegitea atzera bota duelako desadostasuna agertzea alkatearen eskumenak inbaditzea delakoan. Alkatearen ustez, sarbideengatik Urdulizen aurkako helegiteari eustea “dirua xahutzea” zen.

SUSAN eta Urduliz Rurala taldeen ordezkariek nabarmendu zutenez, pozik daude etxetik gertu ospitale berria izateagatik, baina ohartarazi zuten eragingo duen trafikoak udalerri bietan arazo larriak sortuko dituela. Horregaz bat eginez, Sopelak Foru Aldundiari galdetuko dio ea zer konponbide prestatzen dabiltzan, eta zer egin duen orain dela urtebete baino gehiago eman zion txosten teknikoagaz. Aldundiari, Osakidetzari eta Garraio Partzuergoari ere eskatuko die Sopelako Udalak sarbideen eta aparkalekuen arazoa konpontzeko eurakaz eta Urdulizeko Udalagaz bil daitezen. Mozioan, Bizkaibus eta Metro Bilbaoren maiztasunak handitzea ere eskatu dute, baina hori egun batzuk lehenago egin zuen Udal Gobernuak. Azkenik, Udalak prozesu parte-hartzaile bat ipiniko du martxan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun