Zapatuan, apirilak 23, eskola-mailako neska-mutilak lehiatuko dira, 2003 eta 2007 bitartean jaiotakoak. Era berean, 2008an eta 2009an jaiotakoak gonbidatu dituzte parte hartzen. Probak 17:00etan abiatuko dituzte, eta lehiakideek erlojupekoaren aurka igeri egingo dute. Denera, 13 ariketa izango dira, librean, tximeletan, bularrekoan eta bizkar-igeriketan, 50 eta 100 metroan, gizonezkoentzat, emakumezkoentzat eta mistoan, azken hori erreleboetan.
Domekan, ordea, 2003tik ondoren jaiotako federatuen txanda izango da. Horiek igerilari osoak direla erakutsi beharko dute goizeko 10:00etatik aurrera. Horretarako, neskek eta mutilek 50 metroko ariketak egin beharko dituzte ohiko lau modalitateetan: libre, tximeleta, bularrekoa eta bizkar-igeriketa. Era berean, taldekako sailkapenerako ariketa bi izango dira: 4x100 metrokoan, estilo librean, eta 8x50 metrokoan, libreak talde mistoetan. Sarrera doakoa izango da.