Flamenko-ikuskizunean euskal musika-tresnek ere berebiziko garrantzia daukate. Batetik, Jose Gil "Giliyo" kajoi- eta perkusio-jolearen doinuei jarraituz dantzatuko du La Pulgak. Bestetik, Adrian Larrañaga pandero-jolea, eta Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariak ere lagun izango ditu oholtza gainean Etxebarriak.
Izan ere, euskal sustraiak eta flamenkoa uztartzen dituen proiektua da Berriketan; perkusio, gitarra eta "kejioen" artean, dantza eta txalapartaren arteko elkarrizketak ikus eta entzun daitezke. "Flamenkoa eta euskal sustraiak fusionatzen dituen ikuskizuna da. Bere partaideen eskarmentu luzeak aire berriak dakartza, sentsibilitatez beteaz, flamenko eta txalapartaren arteko elkarrizketara. Benetan ikuskizun berritzaile, aberasgarri eta oso sentibera da flamenkoaren eta euskal kulturaren maitaleentzat", diote La Pulgak eta bere taldekideek.
Dantzaria eta irakaslea
Gasteizko bailaorak dantza klasikoa ikasi ondoren, flamenkoa ezagutu zuen, herri-tailer batzuetan. Flamenkoaz maiteminduta, Granada eta Sevillara jo zuen Askoa Etxebarreitak, flamenkoaren oinarri eta iturriak aurkitzeko asmoz. Daborduko La Pulga ezizenez ezaguna, zortzi urtean, artista ospetsuek emandako ikastaroetan, dantzaren sustraietan sakontzen ibili da. Gaur egun, Madril eta Sevillan ikasten segitzen du, eta bere taldeagaz ere lan egiten du: La Pulga y Compañia, Adabegi y La Patro Teatro. Horrez gainera, tailerrak, ikastaro trinkoak eta flamenko-erritmoak irakasten ditu.