Zaraten mapa egin du Sopelako Udalak

Hirigintza-garapenetako baliagarria izango da zarata-mapa. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak zaraten mapa egin du, udalerriaren egoera akustikoa zehatz ezagutzeko eta aztertzeko. Horren bitartez, "udalerriak ingurunea kudeatzeko beste tresna bat dauka; etorkizunean poluzio akustikoari aurre egiteko prebentzio ekintzak planteatzeko baliagarria izango da dokumentu hori", agintari sopeloztarrek adierazi dutenez. 

Mapa osatzeko, zenbait neurketa egin dituzte sonometro bereziakaz, udalerriko bizitegi-guneetan, industria-guneetan, bide-guneetan, eta abarretan. Emaitzek argitu dutenez, zarataren sorburuak eta neurtutako datuak kontuan hartuta, Euskal Autonomiako Erkidegoko Sopelaren antzeko ezaugarriak dituzten beste udalerri askotan ere, Sopelakoen joera berdintsuak identifikatu dituzte.

Egunez, ibilgailuen zirkulazioa da poluzio akustikoaren iturri nagusia. Ibilgailu-dentsitate handiena daukaten guneetan izan ei dira zarata-mailarik altuenak; Loiola Ander Deuna eta Gatzarriñe kaleetan, besteak beste. Bestalde, metroa pasatzen den lekuetan ere, poluzio-guneak identifikatu dituzte. Maila txikiago batean, industriagaz lotutako poluzio akustikoaren eraginak ere topatu dira. Gauez, ordea, zarata-mailaren beherakada nabarmena igartzen da, udal agintari sopeloztarrek diotenez. Alde batetik, ibilgailuen zirkulazioa asko gutxitzen da; eta, bestetik, gauez ez dago metro-zerbitzurik.

Bertoko arduradunek diotenez, "mapa egitea derrigorrezkoa da; goi-mailako instituzioek agindutako araudiak daude. Bestalde, zarataren kalitatea helburutzat jotzeaz aparte, dokumentu bat ere bada, eta etorkizuneko hirigintza-garapenaren oinarri izango da dokumentu hori".