Atzo eguerdian, 13:25ak aldera, Sopelako Iberre kaleko etxebizitza batean sutea piztu zen; bizilagunak bazkaria prestatzen zebiltzala, sukaldeko erauzgailu edo su-kanpaiak su hartu zuen. Berehala, Sopelako Udaltzaingoaren zenbait patruila bertaratu ziren. Agenteek patioan aurkitu zituzten etxebizitzako bizilagunak; bikote bat, haur bategaz. Familiak, kanpaia sutan hasi eta arineketan irten behar izan zuen etxetik, udal iturriek aipatu dutenez.
Udaltzainak etxe barrura sartu eta su-itzalgailu baten bidez berehala kontrolatu zuten egoera, sua beste gela edo etxebizitzetara zabaltzea saihestuz. Kea desagerraraztea helburu, agenteek erretako gunea aireztatu zuten. Suhiltzaile eta Ertzaintzaren unitateak ere bertaratu ziren lanetan laguntzeko.