Urko kiroldegiaren ondoan egokitutako aparkalekuan, 24 autokarabanentzako lekua dago; korronte-harguneegaz eta ur edangarria daukan iturriagaz hornituta dago. Gainera, eremuak zaborra botatzeko ontziak, piknika egiteko gune bat eta ur gris eta beltzak botatzeko lekua dauzka, besteak beste. Ura aldatzeko zerbitzua urte osoan zehar dago erabilgarri.
Ur eta elektrizitate horniketako makinak erabili ahal izateko "jeton" izeneko txanponak sortu dituzte. Txanpon hauek berariazkoak dira makina hauek martxan jarri ahal izateko eta Sopelako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira. Jeton bakoitzaren prezioa euro batekoa izango da.
Jeton bat: euro bat
Jeton bat: 120 litro ur
Jeton bat: 12 argi ordu
Jeton hauek, ekainean eta irailean, astelehenetik zapatura erosi ahal izango dira: goizean, 10:00etatik 14:00etara; eta arrastian, 16:00etatik 18:00etara. Domekan eta jai-egunetan, ostera, ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da.
Bestetik, uztailean eta abuztuan, egunero, goizeko ordutegia 10:00etatik 15:00retara izango da; eta arrastikoa 16:00etatik 19:00etara.
TAO zerbitzua
Ekainaren 1ean hasi zen hondartza-denboraldia; irailaren 30era arte iraungo du. Aurreko urteetan legez, denboraldi osoan, Sopelako hondartza inguruetan (Barinatxe eta Arriatera-Atxabiribil) aparkatzeagatik ordaindu egin beharko dute sopeloztarrek zein kanpotik datozenek. Guztira, 1.297 aparkaleku egongo dira, eta ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da. Ordaindu beharrekoari dagokionez, ordu erdiko lehenengo frakzioak 0,35 euroko salneurria izango du; ordu erdiko hurrengo frakzioek 0,30 euroko prezioa izango dute, gehienez 6 euroraino heldu arte. Sopelako TAO zerbitzua Ipark enpresak kudeatzen du.