Karabana batena baino tamaina txikiagokoak izanda, hainbat egun edo astez bidaiatzeko eta edozein motatako lekuak modu ibiltarian bisitatzeko behar den guztia daukate ibilgailu hauek. Gainera, topaketaren antolatzaileek diotenez, "eragin ekonomiko handia duen turismoa da"; horregatik, pixkanaka-pixkanaka, gero eta babes handiagoa ematen omen diote udalek. "Turismoa-mota honek aberastasuna sortzen duelako kontzientzia zabaltzen ari da", euren ustez.
Bizkaiko Furgo Klubak, Bizkaiko camper-furgoneten elkarteak, bosgarren urtez antolatuko du elkarretaratzea, turismo-mota hau orokorrean, eta Bizkaian bereziki, sustatzeko asmoagaz. Denbora horretan, nazio-mailako bilkura garrantzitsuenetariko bat bihurtu da. 2011n, Sopelan egin zen lehenengo aldiz, 2012 eta 2013an Bilboko Kobeta gunean, eta 2014an Zierbenan. Orain, BFK-k berriro ere Sopelan antolatuko du ekimena, bertako udalak turismo-mota honen aldeko apustua egin duela baliatuz. Izan ere, auto-karabana gune ederra eraiki dute bertan. Hala, Sopela Bizkaiko camper-turismoaren epizentro bihurtuko da hiru egunez.