Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeen kanpaina-hasiera barikuan bertan, hilak 10, egin zuen arrastiko 08:00etan Sopelako EH Bilduk; kanpainaren nondik norakoak azaldu zituzten laburki eta ondoren, kalejira egin zuten herritik, trikitilari eta panderojoleakaz. "Kanpaina indartsua egin gura dugu herrian, eguneroko presentzia ziurtatuz kalean, mahai eta megafoniagaz", azaldu dute koalizioko kideek. Hala, bi ekimen deigarri bi ere antolatu dituzte: txirrindula-martxa, zapatuan, hilak 18; eta kotxe-karabana, hilaren 24an.
Bestalde, martitzenean, ekainak 21, solasaldia egongo da, Dani Maeztu eta Diana Urreagaz, udaletxeko plazan. "Ingurunea, frakinga, errauztegiak, errefuxiatuak, eskubide sozialak… hamaika gai, hamaika erronka" jorratuko dituzte.
"Erronka berria daukagu hurrengo egunotan: ahalik eta boto gehien lortu gura ditugu hautagai independentisten presentzia Madrilen bermatzeko. Estatu espainolak bizi duen ezegonkortasun-egoera honetan, Euskal Herriaren eskubide politiko eta sozialen defentsa ziurtatuko duten independentistak behar ditugu; aukera berriak sortu edo ager litezkeenak baliatzeko independentistak", azaldu du Sopelako EH Bilduk.