Kurtzion ziren ikusleek ez zuten horretaz zalantzarik izan, aurreko denboraldian Sopelako Udalaren Saria ez ezik hainbat garaipen batu zuelako gazteak. Halere, Ramosen berbak labur lotzeko bidean dira.
Sopelako Udalaren Saria
Ekainaren 11n, Merinok buruan izan zituen Eliteko eta 23 urte azpiko kategorietako Bizkaiko eta Euskadiko txapelak, Sopelako udaletxean, proban seigarren egin arren. Anna Ramirez (Elite) eta Alicia Gonzalez (23 azpikoak) taldekideek jaso zituzten besoak Sopelako Udalaren Sarian.
Gazteen kategorian, Bioracer-Elkar Kirolak-eko Mireia Muñoz nagusitu zen proban eta txapelketetan. Hala, Merino da Euskaldun sariketaren burua, 23 urte azpikoen sailkapenean. Txapelketa hori amaitzeko hiru etapa geratzen dira: Larrabasterrakoa, uztailaren 2an; Tolosakoa, hilaren 16an, eta Zizurkilgoa, hurrengo egunean.
Lointekekoek abantaila izan dezakete Larrabasterran, ondotxo ezagutzen baitute 75,1 kilometroko zirkuitua. 16:00etan irtengo dira Larrabasterrako biribilgunetik; Urduliz, Plentzia, Gorliz, Andraka, Maruri-Jatabe, Mungia eta Gatikatik igaroko dira, besteak beste. Ostera, Larrabasterra bezain garrantzitsua izango da Zizurkilgo proba. Euskaldunaz gainera, Espainiako Kopa ere izango du jokoan Lointekek.
Espainiako Kopa
Pasa den aste-akabuan, Merino bigarren sartu zen Errioxako Entrena herriko proban; horri esker, Espainiako Koparen 23 urte azpiko lidergoa berreskuratu, eta bigarren ipini zen Elite kategorian. Gainera, Balmasedakoak mendiko maillotari eutsi dio, eta Belen Lopez taldekidea tarteko helmugen liderra da; Lointek da talderik onena. Kopa abuztuaren 6an amaituko da, Pontevedrako Marin herrian.