"Sopela xarma bereziko herria da: hondartzak, itsaslabarrak, postal itxurako paisaia ederrak, abenturazko kirolak... denetarik dauka. Urtero udalerriak gero eta turista eta bisitari gehiago jasotzen ditu. Eta ohikoa denez, turista eta bisitari hauek euren argazki-kamera, mugikor edo tableten bitartez, Sopelan gozatzen dabiltzan momentu eta esperientzi bereziak hilezkor, ahaztezin bihurtu gura dituzte", azaldu dute udal iturri sopeloztarrek.
Horregatik, Sopelako Udalak, Turismo Bulegoraren bitartez, #sopelastyle kanpaina abiarazi du. Twitter sare sozialeko erabiltzaileei zuzendutako ekimen honen bidez, udalerrian ateratako argazkiak postal bihurtzeko aukera eskaintzen zaie bisitariei, Sopelara egindako bisitaren oroitzapen berezia izateko helburuagaz.
Horretarako, parte-hartzaileek #sopelastyle traolagaz etiketatu beharko dituzte Twitterrera igotako argazkiak eta Larrabasterran kokatzen den Sopelako Turismo Bulegora hurbildu beharko dira oroigarria jasotzeko. Erabiltzaile bakoitzak aipatatutako traolagaz argitaratutako argazkietariko bat aukeratu ahal izango du, postal bihurtu eta gura duenari bidaltzeko.
Momentuz, kanpaina Twitterreko erabiltzaileei dago zuzenduta. Hala ere, Sopelako Turismo Bulegoko arduradunen berbetan, ekimena argazkia igotzea onartzen dituzten beste sare sozial batzuetara ere zabaldu daiteke.