2013ko otsailean Abaro sektoreko ugazabek eta Sopelako Udalak izenpetutako hitzarmenaren arabera, Iberre institutua handitzeko orubeak eman aurretik, zati planak behin betiko onartuta egon behar duela zehazten du. Gobernu Taldeak planteatutako alternatibak (udal arduradunek beste plangintza bat garatzea edo orubeak desjabetzea) aztertu ostean, Sopelako EH Bilduk uste du erdibide horiek "motelegiak" liratekeela; "ez dago ziurtatuta Eusko Jaurlaritzak zehaztutako diru-partida preskribatu arte (2017ko laugarren hiruhilekoaren hasiena) egin ahal izango liratekeenik", adierazi du koalizio ezkerzaleak.
EH Bilduk egindako proposamenak, berriz, "aldez aurretik orubeak eskuratu ahal izatea bermatzen du; alde ezberdinen arteko akordioaren beharrik ez dago". "Aldez aurretik, neurri batzuk onartu beharko lirateke, jabego-eskubideak bermatzeko: besteak beste, orube bakoitzean zer eraiki daitekeen zehatuko da, BAOn argitaratu, lurra okupatu baino hilabete bat lehen ugazabari abisua eman, okupazioa erregistratzea... Horretaz guztiaz, akta idatziko da. Bestalde, lau urte igarota, sektorearen birpartzelazioa eginda ez badago, Udalak kalte-ordaina eman beharko die ugazabei", azaldu du koalizioak.
Ezkerzaleen aburuz, institutua handitzeko aukera emateaz gainera, Abaron babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko prozesuari hasiera emango litzaioke, irtenbide "azkar eta eraginkor" horregaz. Ekainaren 22ko Hirigintza Batzordearen bilkuran aurkeztu zuen proposamena EH Bilduk; eta udal-ordezkariek zein Iberre eta Zipiriñe institutuetako arduradunek osatzen duten batzorde mistoaren ekainaren 27ko batzarrean ere bai.