Martxan da Sopela Kosta Festeko film laburren lehiaketa

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 14a, 12:00

2015eko maiatzaren 6an aurkeztu zuten Sopelako Kosta Festen bigarren jaialdia.

Irailaren 22tik 25era bitartean egingo dute Sopela Kosta Fest jaialdiaren hirugarren edizioa; iazko arrakasta eta parte-hartzea ikusita, aurten ere film laburren lehiaketa antolatu dute. Iaz egin legez, natura eta surfa gai izanda, gehienez hamar minutuko iraupena duten pelikulak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek. Lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 29a izango da.

Lanak e-postaz (kultura@sopela.eus) edota Kurtzio kultur etxean (Mendieta 11, 48600 Sopela) aurkeztu ahal izango dira. Lan irabazleak irailaren 22an aurkeztuko dira Sopela Kosta Fest jaialdian eta, horren ostean, www.sopelakostafest.com webgunean. Sariei dagokienez, 1000 euro banatuko dira hiru saritan: Sopela Kosta Fest saria, egile onenari (500 euro); Berton saria Sopelako egile onenari (250 euro); eta Taula Lila saria (250 euro).

Urtero legez, Sopelako hondartzetan eta herrian zehar hainbat ekintza eta ikuskizunetan parte hartzeko aukera eskainiko du Kosta Fest jaialdiak; horretarako, surfa, musika eta natura hartuko dituzte oinarritzat. Besteak beste, ikastaroak, kontzertuak, tailerrak eta lehiaketak egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun