Sopelako etxe hutsek %50eko gain-ordaina edukiko dute OHZn

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 14a, 12:45

© SOPELAKO PSE-EE

Sopelako Udalbatzak ekainaren 30eko osoko bilkuran onartu zuen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) araupetuko duen ordenantza berria, Bizkaiko Foru Aldundiak maiatzaren 18ko arauagaz bat etorriz. EH Bilduk emendakin bat aurkeztu zuen hutsik dauden etxebizitzek %50eko gain-ordaina izan zezaten.

Proposamenak koalizio ezkerzalearen eta Orain Sopelaren aldeko bozka jaso zuen. EAJ, PSE-EE eta Denok Batera abstenitu ziren. Horren ostean, OHZren arautegi osoa bozkatu zuten, EH Bilduren emendakina barne; arautegia aurrera atera zen EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren bozkakaz. Denok Batera berriro abstenitu zen eta bigarrenean Orain Sopelak ezetza eman zuen.

Maiatzaren 18ko foru-arau berriak aukera ematen zuen, lehenengo aldiz, %50 arteko gain-ordaina ezartzeko etxebizitza hutsei. Sopelako Udal Gobernu Taldea osatzen duten EAJk eta PSE-EEk, ordea, uko egin zioten eskaera honi eta gain-ordaina ez zegoen jasota prestatutako arautegian. Hala, emendakina aurkeztu zuen EH Bilduk.

Koalizio ezkerzalearen ustez, "hainbat atal garatu behar dira oraindik; hala nola, ezar daitezkeen hobariak". Horri ekingo dio irailetik abendura bitartean; arautegia indarrean sartuko da 2017ko urtarrilean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun