Athletic eta Bizkerre taldeen jokalari ohiak Frantziako Ligara jauzia ematen ahalegindu zen uztailean, Okzitaniako Rodez Aveyron klubaren bitartez. Azken unean, baina, "legegintza-arazoek" okertu zuten operazioa Frantziako Ligaren bosgarren sailkatuagaz, Bizkerre futbol-taldearen iturriek jakinarazi dutenez.
Horren ondoren, Torre Santa Teresara jo zuen. Badajozeko klubak pasa den uztailaren 31n baieztatu zuen akordioa eta abuztuaren 4an aurkeztu zuen jendaurrean. Trebatzen ibili ostean, abuztuaren 10ean sopeloztarrak Lisboan jokatu zuen bere lehenengo deman Santa Teresagaz, Benficari 3-4 irabazteko. Pasa den zapatuan, berriz, Olivenzan jardun zuen, bertako Hiruko Sariketa irabazteko. Astelehenean, ostera, bere lehenengo gola sartu zuen El Vivero estadioan, Benficak bisita bueltatu zienean.
Santa Teresa taldeak hirugarren denboraldia jokatuko du aurten Lehenengo Mailan. Iaz, taularen erdian geratu ziren, hamaikagarrenak.
Torrek 20 urte ditu eta futbolean jarduteaz gainera Medikuntza ikasten dabil. Ohiko jokalaria izan da 16 eta 18 urte azpiko euskal selekzioetan; era berean, nazioartera irten da Espainiako selekzioagaz, 16 eta 17 urte azpiko kategorietan. Aurreko denboraldian Lehenengo Mailako Liga irabazi zuen Athleticegaz eta beste titulu bi lortu ditu Athletic Bgaz Bigarren Mailan. Europan, brontzezko domina irabazi zuen 17 urte azpiko Espainiako taldean eta Espainiako txapeldunordea da Euskadiko selekzioagaz. Bizkerre talde algortarragaz birritan izan zen txapelduna, haur mailan. Klub getxoztarrak zortea opa dio Torresi abiatu duen abentura berrian eta eskertu dio azken lau urteotan klubeko neska benjaminen taldea entrenatzen erakutsi duen ardura.