Bizkaiko Saski Baloi Federazioak antolatuko du txapelketa, Ugeraga Saski taldeagaz eta Sopelako Udalagaz elkarlanean. Gainera, 75 urte bete ditu aurten Bizkaiko Saski Baloi Federazioak, eta ekitaldi hori ere erabiliko du urteurrena ospatzeko. Hala, Sopelako hondartza-saskibaloiaren txapelketan parte hartu gura dutenek martitzeneko 19:00ak baino lehenago izena eman beharko dute. Horretarako izen-abizenak eta jaiotza-urtea zehaztuta dituen mezu bat idatzi beharko dute, eta hurrengo helbidera bidali: icamarero@bizkaiabasket.com. Ez da ezer ordaindu behar.
Txapelketa goizeko 10:00etan hasiko da, eta 20:00ak arte iraun dezake, parte-hartzaile kopuruaren arabera.
Hondartza-saskibaloia Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak onartutako diziplina da, Bizkaiko Saski Baloi Federazioak egindako eskariari erantzunez. Federazioak azaldu duenez, modalitate eta txapelketa honetako araubideak hauek dira:
Taldeak: bai senior eta bai oinarrizko mailan, talde bakoitza 3 edo 5 pertsonez osatuta egongo da, hiruk jokatuko dute (beste biak ordezkoak dira, txandatzeko zain egongo dira).
Oinutsik jokatzen da, bestelako akordiorik ezean.
Iraupena: 15 minutuko partida bakarra izango da, deskantsu barik; arauzko denbora amaitzean berdinketa balego, "urrezko saskiratzeak" erabakiko du.
Jokalekua: 12 metroko luzera eta 10 metroko zabalera duen laukizuzena, zorua arezkoa, eta jaurtiketa librea hondoko marratik 4 metrora egongo da.
Saskia: 3,05 eta 2,60 metroko altuera izango dute, mailaren arabera; aretik irteten den puntutik uztairaino.
Baloia: Partida guztiak maila bakoitzeko baloi ofizialagaz jokatuko dira. Talde mistoak baleude, mutilek erabili ohi duten baloiagaz jokatuko da.
Aurrera egitea: paseen bitartez egin beharra dago, ezin baita boterik eman. Bi pauso eman ahal izango dira baloia eskuetan edukita.
Puntuatzea: puntu bat saskiratze bakoitzeko, beti ere kapitainak egiten ez badu, izan ere kapitainaren saskiratzeek 2 puntu balioko dute. "Alley-oop" modura egindako saskiratzeek 2 puntu balioko dute.
Izen-emateen zenbatekoa handia balitz, antolakuntzak talde batek 15 puntu lortzean, partida amaitutzat emateko ahalmena izango du, nahiz eta arauzko denbora ez bete, eta beti ere egoera horren berri partidaren hasieran eman badie talde biei.