Eguenean hasiko da Sopela Kosta Fest

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 20a, 18:27

© SOPELAKO UDALA

Sopela Kosta Fest jaialdiaren hirugarren edizioa eguen honetan, irailak 22, hasiko da surfari buruzko film laburren bigarren lehiaketako sari-banaketagaz. Denera, 1.000 euro banatuko dituzte saritan. Lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro "Taula lila" alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko film-laburrek parte-hartu dute, eta emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia eman zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinagaz, beti ere.

Une horretatik aurrera eta domekan, irailaren 25ean, jaialdia amaitu bitartean, herria surfaren hiriburua izango da, kirol hau, bere kultura, musika eta natura uztartzen dituen jaialdi honi esker. Sopelako Udala da antolatzaile nagusia eta prestatu duen egitarauan nabarmentzekoak dira doako ekintzatan eskainiko diren mila plaza inguru; udaletxeko plazan kokatutako oholtzan parte hartuko duten 9 musika-taldeen emankizunak ere bai, sarrera erabat doan izanik.

Musika

Valentziako La Pulquería taldea izango da barikuko zerrenda-burua eta ohikoak dituen musika estiloak nahastuko ditu, tartean mexikar korridoa, ska edota hard rocka. Egun horretan, Amerikar Estatu Batuetako Eagles taldearen omenez egiten duen rocka joko du Hey Mr. Neken taldeak, Nafarroako Belize seikoaren aurretik. 90eko hamarkadan Kashbad taldeko buru izan zen Sorkun kantariak erakutsiko du, halaber, zergatik den XX. mendeko euskal rockaren erreferentzia nagusietakoa.

Zapatuan, irailarenk 24, Esne Beltza izango da kartel-burua, trikitixa eta musika estilo beltzagoak uztartuz. 50eko eta 60ko hamarkadetako usaina darion soulaz arduratuko da Madrilgo The Clams, emakumezkoez osatutako taldea. Dead Bronco eta The Great Barrier bizkaitarren rock independentea eta DJ Göo nafarraren disko saioak itxiko dute musikaz beteriko bigarren jardunaldia.

Surf-txapelketak, doako ikastaroak eta egokitutako surfa

Orain arte egin diren guztien artean surfagaz harreman gehien daukan edizioa da Sopela Kosta Festen hirugarren ekitaldia; kirol honen inguruko kulturari lotutako hainbat ikastaro eta aisialdiko ekintza eskainiko ditu, Euskal Herriko surf zirkuituan sona garrantzi handia daukaten zenbait txapelketa ere bai.

Izan ere, Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazioaren arteko lankidetzari esker, aste-akabu honetan egingo da Euskadiko surf zirkuiturako baliagarria den bigarren txapelketa. Beraz, Arriatera hondartzan elkartuko dira euskal espezialista onenetako zenbaitzuk. Lehiaketa hau, gainera, Euskal Herriko Txapelketa izango da open eta emakumezkoen mailan; ;longboard, SUP eta helduen mailetan ere bai.
 
Horrez gainera, EHSFko kluben-arteko txapelketa ere egingo dute egunotan. Lehiaketa honetan esku hartu ahal izango dute euskal kostaldean ibiltzen diren hamaika taldeek. Aurtengo lehiaketaren ezaugarri nagusia da, baina, Sopela Kosta Fest jaialdia dela eta, talde guztien kapitainak emakumezkoak izango direla.

Sopela Kosta Festen ohikoa denez, herriko lau surf-eskola arduratuko dira kirol honetan hastapenak egin gura dituztenei doako ikastaroak emateaz, nahiz eta aintzat hartu behar den toki mugatuak izango direla eta ezinbestekoa izango dela neska-mutilek 12 urte beteta izatea. Ikastaroak lzapatuan eta domekan eskainiko dira, 11:00etatik 13:00etara eta 13:00etatik 15:00etara, Arriatera eta Atxabiribil hondartzetan.
 
Gainera, Euskal Herriko Surf Federazioagaz elkarlanean, barikuan, 17:00etan, behar bereziak dituzten neska-mutilentzat egokitutako surf-ikastaroa egongo da.

Surf Bussines Meeting

Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan, Udalak surfari lotutako turismoari buruzko jardunaldia antolatu du, administrazio publikoak eta enpresa pribatuek lan-tresna komunak izan ditzaten, surfaren industriako profesionalen eskarmentua ezagututa.

Hainbat azterketek agerian uzten dutenez, urtean 30.000 lagun inguru etortzen dira Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldera surf egiteko asmoagaz; eta beste 45.000 turista inguruk bisitaldia kirol honetan aritzeko aprobetxatzen dute, hasiberriak izan zein eskarmentua izan. Horrez gainera, alorrak hazteko aukera handiak ditu, aintzat izanik mundu osoan 12.000 milioi euro mugitzen dituela industria honek, 120 milioi jarraitzaile dituela eta zuzenean 35 milioi lagunek praktikatzen dutela, zuzenean.

Surf Bussines Meeting jardunaldia irailaren 23an izango da, Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan, eta Kantauri itsasoko eta ardatz Atlantikoko hainbat adituren bisita jasoko du.

Ericeira, Ferrolterra, Salinas, Ribamontan al Mar, Sopela, Zarautz, Biarritz edo Hossegor bezalako herrietan abian jarri diren ekimenak ezagutzeko aukera emango du; izan ere, kostako gune hauetako adituek beren esperientziak erakutsiko dituzte eta alorrak dituen erronka nagusien gaineko hausnarketak eskainiko dituzte.

Egitarau osoa: sopelakostafest.com

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun